Amaia Serrano: "Gizarteari eskainitako zerbitzu publiko gisa jarduten du UEUk, bizi dugun egoera honetan oso gutxik egiten duten bezala"

UEUrekiko lehen harremana liburuen bitartez izan zuen. Beranduago, ordea, Iratxe Retolazak aipatu zion Literatura Sailaren ardura hartzeko aukera zegoela eta, bitan pentsatu gabe lanari ekin zioten 2014. urtean. Harrezkero hainbat ikastaro antolatu, koordinatu eta eman dituzte biek, heziketa literarioarekin eta genero ikerketekin lotuak batik bat. Horietan parte hartzeak jende interesgarri mordoa ezagutzeko aukera eman diote. EHUko Irakasle Eskolan egiten du lan. Irakaskuntza eta literatura dira bere bi lan-esparruak.

  • Nola ezagutu zenuen UEU?

UEUrekin lehen harremana liburuen bidez izan nuen, baina benetan UEU zer zen ulertzeko aukera lagun batek eman zidan, Iratxe Retolazak. Duela urte batzuk UEU Literatura Sailbururik gabe geratuko zela-eta, ea elkarrekin kudeatzeko gogorik nuen galdetu zidan. Abiapuntu horrek akademiarekiko, lankidetzarekiko eta oro har euskarazko unibertsitate bat posible zelako ilusioa piztu zidan.

  • Zer dela eta animatu zinen Literaturako sailburu izaten?

Esan bezala, sailbururik geratu behar zen Literatura Saila, eta Iratxe Retolazak proposamena egin ostean, bitan pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Egitasmo interesgarriak garatzeko aukera eskaintzen zigun UEUk, eta horrek asko erakarri ninduen.

  • Nola bizitzen ari zara sailburutza?

Gogo eta ilusio handiz. Badira jada urte batzuk honi heldu geniola, eta UEUrekin egindako ibilbidea ikaragarri oparoa izan da, maila akademikoan ez ezik, pertsonalean ere bai. Gainera, geroz eta UEUkide gehiagok agertzen du interesa sailean egiten ari garenaren inguruan, eta bat baino gehiago ausartu da proposamen berriak egitera! Urtero bi bilera egiteko ohitura hartu dugu, eta konturatu gara, geure apaltasunean, gero eta jende gehiago datorkigula. Saila bizirik dagoen eta gogotsu ari den seinale!

  • Zer da zuretzat UEU?

Akademiaren zurruntasunetik eta hierarkietatik urrundu eta beste unibertsitate mota bat posible dela sinesteko aukera, nire lan eremuan arnasa ematen dit, euskalduntasunetik, gertutasunetik eta feminismotik eraikia.

  • Zein da zure ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?

Euskarazko eskaintza akademiko sendoa. Egitasmo ausartak, interesgarriak, askotariko jendearen arteko komunikazioa errazten duten ekimenak, gogoetarako foroak, eta abar sortzen ditu. Jendartearen interesguneak eta beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko aukerak planteatzen ditu. Gizarteari eskainitako zerbitzu publiko gisa jarduten du, bizi dugun egoera honetan oso gutxik egiten duten bezala.

  • Nola irudikatzen duzu UEU etorkizunean?

Indartsu, gogotsu eta ilusioz. Oraintxe hasi berri duen bigarren hezkuntzako masterrarekin bezala, bestelako proiektu txiki zein handitan irudikatzen dut, elkarlanean.

2020/05/27

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.