IÑAKI ALEGRIA DA UEUko ZUZENDARI BERRIA

UEUk urteko Batzar Nagusia egin du gaur (2013/03/15) Eibarren. Azken urteetako egoera ekonomiko larriari aurre eginez, zuhurtasuna eta ausardiaren artean oreka bilatuz lan egin nahi du etorkizunean UEUk. Iñaki Alegria informatikaria hautatu dute zuzendari berri bezala.

Ikusi bideoa hemen

UEUren Batzar Nagusiak 2013ko balantzea onartu eta zuzendari berria hautatu du: Karnele Artetxeren lekukoa Iñaki Alegriak hartu du. Zuzendari berriak datozen urteetako lehentasunak finkatu ditu:

UEUren EGITEKOA

UEU irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. Bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da, baina horrekin batera, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraiki, euskal komunitate zientifikoaren bilgune izan eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzen egiten du lan.

Unibertsitate-sistemaren barnean sare euskalduna eratzen du, eta bestetik eragile eta akuilu-lanak egiten ditu euskal unibertsitate-sistema sortzeko, beti ere beste eragileekin elkarlanean. Horren adibide dira urtean zehar antolatzen ditugun jardunaldiak (Informatikari Euskaldunen Bilkura, Lurraldea eta Hizkuntza, Natur Zientzien jardunaldiak, Matematikarien bilkurak, etab.), Unibertsitatea.net ataria eta Inguma datu-basea, adibidez.

2014Ko EGITASMOA

Alde batetik, orain arteko ibilbideari jarraipena emango zaio, bai arlo estrategikoan (Euskal Unibertsitatearen proiektua), bai hezkuntzaren ildoan (uda/negua, bertakoa/onlinekoa, etengabeko formazioa/graduondokoak) eta baita argitalpen eta datu-baseen jardunean (liburuak, aldizkariak, Inguma datu-basea,Unibertsitatea.net).

Baina, bestetik, finantzazio aldetik arazo larrienak gainditu denaren esperantzaz (Eusko Jaurlaritzako partida izenduna berreskuratu du aurten), indarberrituta eta anbizio gehiagorekin lan egin nahi du, proiektu berriei ekiteko teknologia berrien laguntzaz (online irakaskuntzari begira batez ere). Ikerlari gazteen ildoa ere sendotu nahi du UEUk, beraien ikusgaitasuna bultzatuz eta haien arteko ezagutza sustatuz. Unibertsitatea.net atarian egiten ari garen elkarrizketa-sortaz gain, 2015eko udaberrirako ikerlari gazteen bilkura egiteko proiektua daukagu esku artean. Horretaz gain, UEUren proiektuaren baitan parte hartzea indartu, gure eskaintza zabaldu eta euskalgintza zein hezkuntza alorreko beste eragileekin harremanak sendotzeko nahia azaldu du.

EUSKAL UNIBERTSITATEA

UEUren helburu estrategikoa da Euskal Unibertsitatea euskalduna, nazionala eta herrikoia sortzea. Lan horretan bidelagun garrantzitsuak ditu UEUk, Euskal Unibertsitatearen elkartea, zeinetan gurekin batera Ikastolen Elkartea, EKT, AEK, Kontseilua, Ipar-Hegoa Fundazioa eta Elkar dauden. Europan, azken urteetan, unibertsitate berriak sortzen ari dira, horietatik asko online edo erdi-presentzialak. Bistakoa da arlo horretan hutsune handia dagoela Euskal Herrian. Gaur gaurkoz hemen ez da gradu titulurik eskaintzen euskaraz online. Behar hori erantzuna emateko proiektu bat lantzen ari da UEU, Euskal Unibertsitatea elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Proiektu honek, aurrera ateratzekotan, atxikimendu zabala beharko du jendartetik eta instituzioetatik. Maiatzean barne-mintegi bat egingo dugu horren berri emateko.

IÑAKI ALEGRIA LOINAZDonostia, 1958

Informatikan doktorea

EHUko irakaslea eta ikerlaria (Ixa taldean)

UEUkidea 1984tik, 6 urtetan bertako zuzendaritzan.

100 bat argitalpen nazioarteko aldizkari/kongresuetan (http://scholar.google.com/citations?user=1kZ4SOwAAAAJ).

Euskaraz 90 erreferentzia Inguman (http://www.inguma.org/egilea/ikusi/inaki-alegria-loinaz).

Duela gutxi arte EHUko Informatika Fakultateko dekanordea izan da eta Langune elkartearen zuzendaritza-taldekoa.
2014/03/04

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.