Inhar Agirrezabal: "Elitearen eta kapitalaren intereserako unibertsitateetatik aparteko Herri Unibertsitatea da UEU"

Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaria (Zarautz, 1980). 2004. urtean ezagutu zuen UEU, arkitektura eskolan, eta urte horretan bertan Biarritzen udako ikastaroetan parte hartu zuen ikasle gisa. Segidan bazkide egin zen eta orbitan ibili ondoren 2012an eskaini zioten saileko gidaritza hartzeko Anartz Ormazarekin batera. Arkitektura estudio batean egiten du lan eta irakasle gisan jarduten IBN-IEB-UdLk (Institut für Baubiologie + Nachhaltigkeit – Insitituto Español de Baubiologie – Universitat de Lleida) eskainitako bioeraikuntza masterrean.

  • Nola ezagutu zenuen UEU?

Prentsatik ezaguna nuen. Donostiako arkitektura eskolan ikasle nintzela, paisaiari lotutako ikastaro bat antolatu zuen Andonik Bidasoaz ekialdera, eta izena eman nuen. Ederra izan zen. Ikastaroan bertan egin nintzen UEUko bazkide.

  • Zer dela eta animatu zinen Arkitekturako sailburu izaten?

Aurretik zegoen sailburuak, Kepa Iturraldek, aldaketa eskatu zigun Anartz ormazari eta niri; oraindik ezetz esaten ikasi ez dugun bi laguni. Erronka polita zen, ilusioz ekin genion.

  • Nola bizitzen ari zara sailburutza?

Nahi eta ezinean. Honetara jartzen garen bakoitzean hamaika ideia, asmo on eta bizi poz pizten zaizkigu; gero, ordea, egunerokoan kosta egiten da tartea topatzea maila honetako ekimen bati behar bezala ekarpenak egiteko. Donostiako arkitektura eskolako ikasleekin lotura indartzea faltan botatzen dut.

  • Zer da zuretzat UEU?

Ezagutzak euskaraz partekatzeko topagune bizi bat. Elitearen eta kapitalaren intereserako unibertsitateetatik aparteko Herri Unibertsitatea.

  • Zein da zure ustez UEUk egiten duen ekarpen handiena?

Komunitatea, elkar elikatzeko eta kolektiboki hazteko sortutako komunitatea. Herri horren eskura baliabideak jartzeko aberatsa da UEU.

  • Nola irudikatzen duzu UEU etorkizunean?

Mozkorraldia amaitzear da. Unibertsitate tituluen balio-galera (haren kostu ekonomikoek gora egin arren) adierazgarria da; gainera, tokikoaz urrundu gara eta gertukoez ahaztu. Testuinguru honetan, oso garrantzitsua izango da UEUren ekarpena.

2020/06/29

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.