BILAKETA
SALDUENAK
BILATUENAK
EAEko eta NFEko herritarren erdiak baino gehiagok kaloria gehiegi atxikia du bere gorputzean. Jende ugarik, erretzen duena baino energia gehiago dauka, asko pilatu du eta gorputz askok soberakinak dauzkate. Ostera, herrialde horietako energia-kontsumoa, erabat defizitarioa da, sortzen dutena baino askoz ere energia gehiago behar baitute. Nolabait herrialdea energiaz elikatzeko zailtasunak izaten dira. Faktore hau nabarmenagoa da EAEn NFEn baino.
Euskal Herrian, energia-dependentzia itzela dugu. EAEn, ez da kontsumitzen den energiaren % 7 baino ekoizten. Beste guztia kanpotik inportatu behar izaten da. Malta, Luxenburgo eta antzeko beste herrialde batzuen estaldura-tasa antzekoa du. Baina esan beharra dago, garai batean, orografiak lagunduta eta erroten eta olen erabilera zabala zela eta, nolabaiteko energia-sortzailea edo -transformatzailea zela. Basoetako biomasak ere errazten zuen energia lortzea. Egoera horren ondorioz, industria-kultura berezia sortu zen bailara ugaritan.
Energia lortzeko erraztasuna lotua dago herrialde baten bizitzeko moduarekin eta ekonomiarekin. Esate baterako, AEBko auto batek, auto japoniar batek baino energia gehiago kontsumitzen du, amerikarrek petrolio-iturri ugari dituztenez, merke lortzen dutelako, eta ondorioz ez dute esfortzu teknologiko berezirik egin behar, euren produktuak kaleratzeko.
Politikariek aipatzen dutenez, energia berriztagarriak omen dira energia-defizita orekatzeko tresna. Garbiak omen dira, ez dute hondakinik isurtzen, baina berauek egokitzeko, askotan azpiegitura ugari behar izaten dira, natura-interes maila handia duten lekuetan. Berriztagarrien bitartez lorturikoa, EAEn kontsumitutakoaren % 5 besterik ez da. Urruti da Europar Batasunak lortu nahi duen % 20etik. NFEn ostera, % 31raino iristen da portzentaje hori.
Hain urria dugun energia-kontsumo hau, aurrezteko aukerarik ez ote da? Gure eraikinak nahikoa isolatzen ditugu? Badirudi alor horretan oraindik esfortzu handiagoa egin daitekeela. Badira bideak eraikin baten energia kontsumoa % 85 aurrezteko. Eraikinen ``Zero Energia´´ izaera lortzeko bidea luzea izango da. Eta ez bakarrik eraikin berrietan. Batez ere gaur egungo eraikinen energia aurreztea izango da erronka handiena. Arkitektoen gehiengoa eraikin berriak diseinatzen trebatuak izan gara ordea. Forma eta funtzioa uztartzea izan da lan nagusia. Ostera, gaur egungo eraikinen energia-kontsumoa egokitzea, arkitektoon agendan sartu beharreko gaia litzateke halabeharrez.
Hala ere, Euskal Herrian, eraikinen berotzea proportzionalki kontsumo osoarekiko nahiko baxua da. Gaur egun, industria-azpiegiturek xahutzen dute EAEko energia-kontsumoaren % 42. Garraio-sektoreak beste % 32 erabiltzen du. Eta autoz egiten dira gure eguneroko desplazamendu gehienak. Hortaz, gizarte gero eta gizenago honetan, bizikletaz edo oinez ibiltzea, hau da kaloriak erretzea, izango ote da energia aurrezteko soluzioa?
Erosi
Copyright @ 2013 UEU -- Bisitariak: 350301