Gradu eta graduondokoak :: Hizkuntzalaritza, Itzulpengintza, Erizaintza, Fisioterapia, Medikuntza, Osasuna, Psikiatria

Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan (UPV/EHUren Aditu Titulua)

  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 150.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2021(e)ko maiatzaren 26a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2021(e)ko irailaren 17a

"Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan: Euskara Komunikazio Klinikoan" UPV/EHUko Aditu Titulua da eta UEUren laguntzarekin eskaintzen da.

Graduondoko honek osasun-jarduera eta hizkuntza, euskara alegia, uztartzea du xede, ikuspegi profesional zein akademikotik, arretaren normalizazioa helburu. Horrenbestez, arretaren normalizazioa hauxe litzateke: indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko eta, aldi berean, pertsonan zentraturiko osasun arreta eredu integratua. Aurrekoari jarraituz beraz, pazientearen hizkuntzan eskaintzen den arreta integratua litzateke; edonon, edonoiz, maila guztietan, ahoz zein idatzizko komunikazioetan, kalitatezkoa, errespetuzkoa eta ulergarria izan dadin, betiere pazientearen izaerarekin bateragarria, aldi berean segurtasun klinikoa eta kulturala bermatzeko. Arretaren normalizazioak hizkuntza eta arreta banaezinak izatea dakar, eta beraz, berezkoa du osasun arreta euskaraz eskaintzea. Ulergarria da, horregatik, arretaren normalizazioa hizkuntzaren normalizazio-prozesuan ere lagungarria izatea.

Hau guztia gogoan, hizkuntza eta osasun-arretaren gaia jorratzeko, lehenik eta behin osasun-jarduera bere testuinguruan kokatu behar da, horretarako gaur egun ardatz dituen paradigmak ondo aztertuz.

Osasun-arreta euskaraz bermatzeak aldaketa sakona eskatzen du nahitaez; taxuzko ezarpen-prozesu sendo eta eraginkorra. Arretaren normalizazioa eta xede horrekin osasun-sisteman euskararen erabilera normalizatzea, ez da nolanahiko erronka.

Graduondokoaren zuzendaritzako kideek graduondokoaren aurkezpena egin zuten, hemen.

 

Zuzendaritza eta antolaketa

  • Zuzendaria: Jon Zarate (UPV/EHUko Euskara erretoreordea)

Talde antolatzailea:

  • Jon Zarate (UPV/EHUko Euskara erretoreordea)
  •  Izaskun Elezgarai (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea)
  • Itziar San Martin (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea)
  • Aitor Montes (Osakidetzako famili medikua)

Ezaugarri nagusiak:

  • 2021-2022 ikasturtean 3. edizioa izango da.
  • Urritik apirilera bitartean izango da, proiektua aurkezteko orduan luzatzeko aukerarekin.
  • Eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan eta UEUren Ikasgela Birtualean izango dira.
  • Aurrez aurreko eskolak ostiraletan (arratsaldez) izango dira, modu sinkronoan (online) edo aurrez aurre, egoeraren arabera.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.

Oinarrizko informazioa

 

Izena emateko HEMEN.

Informazio gehiagorako: (Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426)

Helburuak

Graduondoko honen helburua, hauxe litzateke: osasun arloko profesionalak, ebidentzian oinarrituriko gaitasunak erdietsiz, osasun-arretan hizkuntzek duten garrantziaz jabetzea euren ibilbidean jarduera egokiak bermatzeko.

Arretaren normalizazioan aurrera egiteko gaiaren inguruan sustrai sendoak ezartzeko ezagutza zabaldu eta partekatu nahi da.

Edukiak

1. modulua: OINARRIAK (3 ECTS)

  • Gaur egungo osasun-jardueraren paradigmak
  • Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, eta bere banaketa administratiboa.
  • Euskal Herrian euskararen erabilera normalizatzeko garatu/sortu diren planak. Euskara Planak

2. modulua: HIZKUNTZA ETA ARRETAREN KALITATEA (3 ECTS)

  • Hizkuntzak arretaren kalitatean duen garrantzia
  • Nazioarteko ereduak

3. modulua: AURRERA BEGIRAKO ESTRATEGIAK (4 ECTS)

  • Ikerketa eta hizkuntza
  • Osasungintza eta euskara: ikuspegi kritiko zabala: Hiztun aktiboak bihurtu.
  • Terminologia eta tresna informatiko lagungarriak
  • Saio osagarriak

PROIEKTUA (5 ECTS)

Metodologia

Graduondokoa ONLINE izango da UEUren Ikasgela Birtualaren bitartez.

Modulu bakoitzean saio presentzial bat egongo da edukien jarraipen egokia ziurtatu eta edukiei lotutako esperientzia praktikoak ezagutzeko. Egoeraren arabera, saio presentzial hori ONLINE izango da, formato sinkronoan, edo egoerak bermatuta, aurrez aurrekoa.

Graduondokoan jorratutako edukiak lantzeko ikasleek AMAIERAKO PROIEKTUA bat garatu beharko dute. Proiektuaren gaia ikasleak zehaztuko du eta horri lotutako tutorea esleituko zaio.

Nori zuzendua

  • Osasun-zerbitzuei hertsiki lotutako profesionalak: mediku, erizain, farmazialari, fisioterapeuta, psikologo ... .
  • Osasun arloan lan egiten duten beste esparru batzuetako profesionalak: zerbitzuburuak, teknikariak, administrariak... .
  • Gai honen inguruan sakondu nahi duten graduatu berriak, osasun arlokoak, zein hizkuntza edo soziologiaren arlokoak.

Matrikulaziorako argibideak

UPV/EHUren titulua izanik izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik.

Izena emateko epea irailaren 17ra arte zabalik egongo da.

Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da irailaren bigarren hamabostaldian, hau ere UPV/EHUren bitartez.

Edozein zalantza argitzeko, edo prozeduran laguntzarik behar izanez gero, a.latatu@ueu.eus helbidera idatz dezakezu.

Oharrak

UPV/EHUren Berezko Titulua da eta beraz, UPV/EHUko eskaintzan sartzen da, unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).

 

UEUtik prozesu osoan laguntzen dugu eta zalantzarik baduzu, mesedez jar zaitez gurekin harremanetan eta infomazio guztia helaraziko dizugu.

(Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426)