Ikastaroak :: Hezkuntza, Informatika
Ikastaroa on line izango da. Ikasgelako hiru saio izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, martxoaren 17an, 17:00etatik 19:30etara lehenengoa, eta apirilaren 28an eta 29an 17:00etatik 19:00etara.
Azken aldian, asko entzuten ari da PLE terminoa, ikaskuntzarako ingurune pertsonala. Zer esan nahi du? Zer ezkutatzen da meme horren atzean? Ikastaro honetan, gai hori argituko dugu eta eguneroko jardunean nola aplika daitekeen landuko dugu. Norbere ikaskuntzarako ingurune pertsonala ezagutuko dugu, baita aberasten saiatu ere.
Hezkuntzan eta Komunikazioan doktorea. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea eta ikerlaria. UEUko kidea.
Ikastaroa on line izango da, hau da, Interneten garatuko da, ikasgune birtual baten bitartez (moodle...), baina ezinbestekoa izango da aurkezpen-bilerara ere bertaratzea ikastaroa arrakastatsua gerta dakien guztiei. Denbora-planifikazioa (astero) eskainiko da, norberak bere erritmoan lan egin dezan.
Funtsean, bi dira ikastaro honen metodologiaren ardatzak: ikaslearen protagonismoa eta praktikotasuna. Alde batetik, beti-ere, ikaskuntzaren protagonistak parte-hartzaileak izango dira, ikasgela birtualak eskainitako baliabide eta egituraren bitartez ezagutza eraikitzeko. Beste aldetik, ikastaroan landutakoa egunerokotasunean erabiltzeko praktikoa izatea bilatzen da, hau da, praktikotasuna.
Hori lortzeko, proposatutako jarduerak hainbat dinamikatan gauzatuko dira: bakarka (on line), talde txikitan (azken aurreko saioan) eta talde handian (azkeneko saioan). Azken horretan, guztion ikuspuntuak eta ekarpenak jasotzea espero da, elkarlanean oinarritutako ikaskuntza lortzearren eta ikasitakoaren praktikotasuna azpimarratzearren.
Interneti eta teknologia berriei probetxua atera nahi dien edonori zuzenduta.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroa.
Homologazio kodea: 1468348004