Ikastaroak :: Psikopedagogia
Nafarroako Gobernuak homologatutako ikastaroa da.
Ikastaroa ostegunetan izango da: maiatzak 8, 15, 22 eta 29.
Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen pertsona baten garapenean haurtzaroak duen garrantziaren handia. Bizitzaren lehen urteetan osatzen zaigu nortasuna edo izaera, eta orduko garaiaren kalitateak baldintzatzen du, hein handi batean, helduaren sendotasuna edo ahulezia. Ukaezina beraz, ume baten hazkuntza-prozesuaren ardura esku artean duenaren erantzukizun soziala; eta ezinbestekoa hortaz, gizarte gero eta heldugabe eta zoritxarrekoago honetan, etorkizuneko gizartea osatuko duten oraingo haurren hazkuntza-sistemari buruzko hausnarketa eta eztabaidari arduraz heltzea. Gizarte bakoitzean indarrean dagoen hazkuntza-sistema ez baita ulertzen ahal gizarte hori kudeatzen duen sistemak beharrezko dituen interesetatik kanpora. Gizarte/sistema bakoitzak, bera kolokan jarriko ez duten pertsonak behar baititu eta “horrelako gizakiak” ematen dituen hazkuntza-sistema sustatuko baitu.
Umeen aurreko gure jarrera behin ere neutroa edo aseptikoa ez dela-eta, ezinbestekoa da, umeekiko lanean edo harremanean dauden profesionalek zein gurasoek ongi ezagutzea zein den haur bat pertsona izatera daraman bidearen nondik norakoa, horren jakitun, arduraz, erabaki dezan zer helburu eta irizpideren arabera gidatzen duen bere kimuaren hazkuntza.
Ume baten hazkuntza arduratsua da dagokeen ekintzarik iraultzaileena.
Ikastaro honetan 0·3 adin-tarte funtsezkoaren gakoak eta une esanguratsuak aztertzen saiatuko gara.
Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.
Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da. Teoriak izango du arlo handi bat (14 ordu), baina norberaren hausnarketa ahalbidetzeko teknika eta baliabideekin uztarturik. Edo esperientzian oinarritutako jarduerak proposatuko dira.
Halaber, ikasgelako saioen osagarri, ikasleak lan pertsonala egin beharko du (6 ordu).
0/3 urteko umeekin lanean edo harremanean diharduten profesionalei. Hazkuntza-prozesuan ari diren aita-amei. Interesa duen edonor ere ongi etorria izanen da.