Ikastaroak :: Historia
Ikastaroa on line izango da. Ikasgelako saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, apirilaren 1ean, 17:30etatik 20:00etara lehenengoa, eta ikastaroaren amaieran, maiatzaren 13an, bigarrena.
Oroimen historikoa da iraganari buruz gaur ulertzen duguna eta gure etorkizunean eragina izango duena. Kasu honetan, 1936ko estatu kolpearen ondorioz etorritako gerra eta ondorengoko diktadura faxistaren garaia aztertzen duen prozesua da eta gizarte mugimenduen eskutik etorri zen orain dela 10-15 urte. Gauzak horrela, ikastaro honetan Euskal Herriko eskuratze prozesuaren nondik norakoak azalduko ditugu, eta nazioarteko ereduak gogoan izanda, eskuratzearen garrantzia azpimarratuko dugu, genero ikuspegia ahaztu barik.
Kazetaritzan lizentziatua. Ikertzaile doktoregaia. Oroimen Historikoaren eskuratze-lanetan dihardu.
Oinarri teorikoak lantzeaz gain, hausnarketa eta eztabaida bultzatuko dira. Horretarako, garaiko euskarazko prentsaren bidez, Ipar eta Hego Euskal Herriko une historikoak aztertuko ditugu: 1931ko Errepublikaren ezaugarriak (emakumeentzako boto-eskubidea, adibidez), Euzkadiko Estatutuaren tramitazioa, Agirre lehendakariaren kargu-hartzea, euskal kulturaren loraldia… Hiru hedabide kontsultatuko ditugu: Argia astekaria (euskaltzalea, Donostia), Eskualduna astekaria (nazien aldekoa, Iparraldea) eta Eguna egunkaria (Euzkadiko Jaurlaritzaren aldekoa, Bilbo).
Era berean, ikus-entzunezko materialaren bidez, prozesu historikoaren alde humanoari erreparatuko diogu. Besteak beste, honakoak erabiliko ditugu: Durango, oroimenaren gogoan dokumentala (Errepublikari buruzkoa), Zerutik sua dator dokumentala (1937ko Bizkaiko bonbardaketak), Udaberririk ankerrena komikia (herriaren erresistentzia eta, nazionalen etorrerarekin batera, elkarbizitzaren amaiera) eta Emakume bat Berlinen (Sobiet Batasunak 1945ean Berlin “askatu” zuenekoa).
Irakaskuntza ertaineko irakasleei eta gaian interesa duen orori.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroa.
Homologazio kodea: 1468348001