Ikastaroak :: Pedagogia, Informatika (software mailan), Internet
Ikastaroa on-line izango da. Ikasgelako saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, apirilaren 7an, 17:30etatik 19:30etara lehenengoa, eta ikastaroaren amaieran bigarrena.
Moodle bezalako on-line eremuetan gertatzen diren ikas- eta irakas-prozesuetan berebiziko garrantzia hartzen du komunikazioak. Partaideen arteko harremanak, elkarreraginak eta hartu-emanak ikas-prozesuaren arrakasta baldintzatzerainoko garrantzia hartzen dute eta hori dela-eta, ezinbestekoa da foroen bidez sortzen den komunikazioa era egokian kudeatzea.
Gai honen zailtasuna agerikoa da batetik, giza komunikazioa aztertzeko dagoen berezko zailtasunagatik, eta bestetik, ikasteko helburuz gertatzen den komunikazioak aparteko zailtasuna gehitzen diolako. Hala ere, saiakera bat egin nahi dugu ikastaro honetan eta komunikazioa era egokian kudeatzeko gida lerro eta aribide nagusi batzuk eskaini, aurrerantzean horrelako esperientziak izango dituztenek helduleku bat izan dezaten.
Ikastaroa on-line eremuetan aritu diren edo arituko diren irakasleei zuzenduta dago. Ikastaroan zehar hainbat komunikazio-egoera aztertu eta horietan erabili beharreko komunikaziorako bitartekoak sortu beharko ditu parte-hartzaile bakoitzak. Hori dela-eta, ikastaroan gertatzen diren hartu-eman didaktikoak landuko dira.
Ikastaroa emateko Moodle-ren 2.6 bertsioa erabiliko da.
Euskal Filologian lizentziatua eta une honetan Santurtziko Udaleko prestakuntza-teknikaria. Euskara ikasteko materialen idazlea. Irakasleen prestatzailea didaktika eta hezkuntzarako teknologia-ikastaroetan. e-learning aholkularia. UEUkidea.
Psikopedagogian lizentziatua.
Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, ikasgelako saioak eta on-line irakaskuntza konbinatuko dira. Ikastaroa on-line bideratuko da irakaslearen etengabeko gidaritzapean, baina hasieran aurrez aurreko saioa izango du. Ikaskuntza-irakaskuntza metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea bultzatuko da.
Sarrera teoriko labur baten ondoren, ikasgela birtualetan sortutako hainbat mezuren azterketa egingo da komunikazio mota horren ezaugarriak aztertzeko eta ondorioak lortzeko.
Ondoren, hainbat saio praktiko egingo da bultzatu nahi dugun komunikazio-moldea islatuko duten mezu prototipikoak lortzeko.
E-learning testuinguruetako irakasleei.Lehentasuna izango dute UEUk antolatutako Moodle ikastaroa egin dutenek.