Irakasleen formakuntza :: Hizkuntzalaritza, Komunikazioa

Euskara akademikoa lantzeko mintza-praktika egitasmoa

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 20.00 ordu

Jarduera hau UPV/EHUko irakasleei zuzenduta dago eta Arabako campusetan emango da, ondoko datetan:

  • Datak: urtarrilak 9, 23, otsailak 6, 20, martxoak 6, 20, apirilak 10, 24, maiatzak 8, 22 (asteazkenetan aste birik behin)

Eduki akademikoak euskara jasoan eta modu zuzen eta eraginkorrean adierazteko beharrezkoa da, zeregin horretarako gutxieneko maila izateaz gainera, nork bere buruarengan segurtasuna izatea eta oinarrizko zenbait baliabide edukitzea.

Unibertsitateko irakasleen ahozko jardunak berariazko ezaugarriak ditu. Ezinbestekoa da dagokien arlo akademikoko nozioak azaltzeko terminologia eta adierazpideak menperatzea, eta, orobat, horretarako baliabide diskurtsiboak izatea.

Egitasmo honetan, irakasleen euskarazko jardun akademikoko beharrizanak lantzeko mintzamen-saioak egingo ditugu, modu praktikoan. Nork bere eskoletan egin eta eman ohi dituen azalpenak ekarriko ditugu saioetara eta, haietatik abiatuta, parte-hartzaileen beharretara egokitzen diren lanketak burutuko ditugu. Norberaren konfiantza sendotzea da helburu nagusia.

Izena emateko epea: abenduaren 12ra arte.

Irakaslea

  • Gorka Lazkano Murua

    Pedagogian lizentziatua da eta magisteritza eta antropologia ikasketak ditu. Itzultzailea eta euskara irakasle eta trebatzailea da.

Helburuak

  • Eskolak euskaraz emateko konfiantza hartzea.
  • Ahozko jarduneko akats nagusiak detektatzea, zuzentzea, zalantzak argitzea, eta alderdi positiboak nabarmenduz motibatzea.
  • Jariotasuna hobetzea eta hiztegia, egitura eta esamoldeak aberastea.
  • Euskara lantzeko eskura dauden tresnak ezagutzea (Interneteko baliabideak, zuzentzaileak…).

Edukiak

  • Jardun akademikoko egoera errealetan oinarrituta, partaideek nork bere alorreko azalpenak eta aurkezpenak egitea (eskola-simulazioak), eta guztion artean diskurtsook aztertzea eta, hala dagokionean, zuzentzea eta hobetzeko proposamenak egitea.
  • Oro har, ekintza komunikatiboaren alderdiak eta, zehazkiago, ahozko diskurtso-generoak lantzea (narrazioa, azalpena, argudioa…). 
  • Antzemandako beharren araberako lanketak egitea, eta beharrezkoa izanez gero, azalpen laburrak ematea (gramatika…).
  • Eskolak prestatzeko lagungarri izan dakizkiekeen baliabideak eskaintzea: Internet (hiztegi orokor eta espezifikoak, glosategiak, fraseologia…) eta bibliografia.

Metodologia

Metodo komunikatiboa erabiliko dugu. Mintzamen-saioak izango dira, monologoetan eta elkarrizketetan oinarritutakoak. Ikasleek hala eskatuz gero, azalpen laburrak ere emango dira (gramatika…).

Lehenengo saioan, aurkezpena egingo dugu, nor garen eta bakoitzak zer egiten duen, zer irakasten duen, zer zailtasun dituen euskaraz jardutean, eskolan nahiz egunerokoan…

Hortik aurrera, irakasleak proposatuko die beren eskoletako azalpen edo aurkezpenen bat hautatu eta saioetara ekartzeko: bi astean behin izango direnez, tarte horretan egindako azalpen akademikoren bat izan daiteke (zailtasun bereziren bat eman diena…), edota egiteko duten bat. Banan-banan entzun, komentatu eta zuzenduko ditugu. Hobetzeko estrategiak eta baliabideak ikusiko ditugu. Irakasleak egindako zuzenketak, printzipioz, jarduna eten gabe egingo dira, hau da, diskurtsoa amaitutakoan, eta bereziki azpimarratuko dira alderdi positiboak.

Parte-hartzaileen aldetik eragozpenik ez badago, noizean behin saioetako jardunak grabatzea proposatuko zaie (audio/bideo), ondorio argigarriagoak atera ditzaten laguntzeko.

Saioan bertan nahiz saio batetik bestera sortutako zalantzei buruzko azalpen laburrak emango dira, gehiegikeria gramatikaletan galdu gabe, beti ere.

Hasierako saioetan, tarte bat eskainiko diegu Interneten eskura dituzten baliabideei, eta haien jarduna hobetzeko eskaintzen dutena ikusiko dugu.

Aukera sortzen denean edo elkarrekintzak horretara bideratzen gaituenean, euskararen inguruan dituzten beldurrei, zalantzei, nahiei, egoerei eta abarri buruzko hausnarketa abiarazten saiatuko naiz, hartara irakurketa kontzienteetatik eta elkartruketik abiatuta, motibazioa pizteko.

Matrikulaziorako argibideak

Eskaerak egiteko deialdiarekin batera aurkezten den inprimakia (1. eranskina) bete beharko da. Eskaerak Campusetako edozein erregistro ofizialetan aurkeztuko dira Campus bakoitzeko euskara zuzendariari zuzenduta:

  • Araban: Itziar Txurrukari
  • Bizkaian: Maite Insaustiri
  • Gipuzkoan: Josemi Martínez Ricori

Erregistro Orokorreko bulegoen zerrenda UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakian dago jasota (2007ko abuztuaren 3ko EHAA), eta Interneteko helbide honetan ere bai: http:www.ehu.es/erregistroko_bulegoak.html.)

Informazioa gehiago eta dokumentazioa: hemen

Eskaerak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 27an ireki eta abenduaren 12an itxiko da.

Abenduaren 14an interesdunei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie ikastaroan onartu dituzten ala ez.

Babesleak