Udako Ikastaroak :: Informatika
HTML estandarraren azken bertsioak, 4.01 zenbakidunak, 10 urte baino gehiago ditu jada, 1999an atera baitzen. Orduko Interneten ezaugarriei egokituta dago bertsio hori eta, beraz, gaur egungo webaren beste elementu piloa (audioa, bideoa, elkarrekintza handiko aplikazioak, grafiko mugikorrak, jokoak, off line lan egiteko aukera...) ezin du adierazi. Horretarako hirugarrenen pluginak erabili dira orain arte (Flash, Silverlight, JavaFX...).
Azkenean W3C erakundea ari da HTML formatuaren 5. bertsioa prestatzen, eta 2010. urtearen amaierarako bukatzea espero du. Elementu berri mordoa dakar: <audio>, <video> eta <canvas> (denbora errealean eta baita 3D-n ere marrazten joan gaitezkeen pintura-oihala) etiketak, mikrofonoarekin eta webcam-arekin elkarreragiteko aukera, orriaren atal ezberdinak bereizteko etiketak, formularioetan kutxa mota berriak, grafiko bektorialak edo ekuazio matematikoak zuzenean txertatzeko aukera, off line gaudenean web aplikazioek datuak gordetzeko APIa, arrastatu eta jaregiteko APIa, networking-erako APIa...
Ikastaro honetan ezagutuko ditugu hobeto HTML 5-ek eskaintzen dituen aukera berriak, eta Interneteko nabigatzaileek jada inplementatuta dituzten atalak praktiken bidez ikasiko ditugu.
Informatikan doktorea, hizkuntz teknologietan ikertzailea Elhuyar Fundazioan, UEUkidea.
Twitter: @ileturia
HTML 5-en historia.
HTML 5-en ezaugarri nagusiak.
HTML 5 praktikan:
Ikastaroak zati teoriko bat izango du non HTML 5-en historia eta ezaugarri nagusiak gainetik ikusiko diren. Gero ezaugarri horietako bakoitza sakonago ikusiko da, adibide praktikoekin. Eta Interneteko nabigatzaileek jada inplementatuta dituzten ezaugarriekin ariketak ere egingo dira, praktikan ikusteko nola erabili HTML 5 web orriak egiteko.
Modu profesionalean nahiz amateurrean web orriak egiten dituen (edo egin nahi dituen) edonori zuzendua. Komeni da webgintzari buruzko oinarrizko ezagutza izatea eta HTML, CSS, Javascript eta horrelako lengoaiekin esperientzia edo gutxieneko ezagutza izatea.