Udako Ikastaroak :: Informatika, Internet
Gaur egun aurkezpenak egiteko gehien erabiltzen den teknologia Powerpoint-a da, baina honek hainbat desabantaila ditu: programa propietarioa eta ordainpekoa da, aurkezpena egin behar den ordenagailuan programa hori instalatuta egon behar da (eta komeni bertsioa ere bera izatea)... Modan dauden beste aukera batzuk (Prezi, adibidez) ez dira hobeak.
Aldiz, badaude HTML aurkezpenak egiteko hainbat plataforma edo liburutegi. Aurkezpen hauen formatua HTML estandar irekia da, liburutegi horietako asko libreak dira, aurkezpena egiteko nabigatzaile bat besterik ez da behar (eta edozein nabigatzailek balio du)... Reveal.js da HTML aurkezpenak egin ahal izateko liburutegi hauetako bat, aukera asko dituena eta aurkezpen ikusgarriak egitea ahalbidetzen duena.
Ikastaro honetan Reveal.js bidez HTML aurkezpen bat egiten ikasiko dugu, baina baita pluginen bidez plataforma honen aukera gehiago probesten ere. Eta plugin berriak nola egin daitezkeen ere ikusiko dugu.
ikusi hemen ikastaroaren aurkezpen bideoa: Igor Leturia, HTML aurkezpenak
Informatikan doktorea, hizkuntz teknologietan ikertzailea Elhuyar Fundazioan, UEUkidea.
Twitter: @ileturia
Ikastaroan erabiliko den metodologia teoriko praktikoa izango da. Eduki teorikoak lantzen eta adibide errealak ezagutzeko aukera daukagun heinean, ikasitakoa praktikara eramateko aukera izango dugu aurkezpen edo plugin ezberdinak sortuz.
Ikastaroak, klaseak, hitzaldiak edo dena delakoak eman behar dituelako aurkezpenak egin behar izaten dituen edonorentzat dago zuzendua, formatu estandar (HTML) eta tresna libre (Reveal.js) batekin aurkezpen elegante, multiplataforma eta ikusgarriak egiten ikasteko.
Azken zatiak, Reveal.js-rentzat plugin berriak garatzearenak, programazio-ezagutzak eskatzen ditu, zehazki Javascript lengoaian. Hala ere, ikasle bakoitzaren profilaren eta nahien arabera, gehiago edo gutxiago landuko du bakoitzak azken zati hau.
Ikastaroa ordenagailu-gela batean emango da eta ikasle bakoitzarentzat ordenagailu bat egongo da, baina norberak bere eramangarria ere eraman dezake. Gelako ordenagailuek Windows daukate eta ikastaro osoa Windows ordenagailuekin egin daiteke. Hala ere, ikasleak Linux-ekin ohitura badu, bere Linux eramangarria eramatea gomendatzen da, Reveal.js-ren aukerarik aurreratuenak errazago baliatzen baitira Linux ordenagailu batean.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat homologatutako jarduera (298/2016 uztailaren 22ko ebazpena).