Ikastaroak :: Hizkuntzalaritza

Ahoskera Laborategia: zuzentasunari, egokitasunari eta naturaltasunari buruzko saioak

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 12.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko abenduaren 1a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2021(e)ko martxoaren 12a

1968an Euskara Batua abiatu zenetik, eta 1995ean Euskara Batuaren Ahoskera Zainduari (EBAZ) buruzko araua kaleratu zenetik, bide luzea egin da. Denbora-tarte horretan, euskararen ahoskerari dagokionez, euskarazko telebista, irrati, podcast eta YouTube kanal berriak sortu dira; euskarazko irakaskuntza nagusi da gure inguruan; beste hizkuntzetatik euskararako interpretazioa sendotu da; euskarazko antzezlan eta ikus-entzunezkoetan aktore asko trebatu dira… Baina ahozko euskararen inguruko lanketa berezirik ez da egin, ekarpen teoriko gutxi eta praktikara eramateko saiakera apur batzuk baino ez:

  • 2019ko otsailean Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeak gaiaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen Gasteizko Artium museoan: Eta ahoskera zer?
  • 2019ko urriaren 22an, “Euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakatsi” ikastaroa izan zen Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Lourdes Oñederrak eta Oroitz Jauregik egin zuten saioaren atal teorikoa, eta, ondoren, Julia Marinek eman zuen saio praktikoa. Oso balorazio positiboa egin zuten parte-hartzaileek, eta han egoteko aukera izan zutenetako batzuek adierazi zuten halako besteren bat egiteko nahia. Horren harira, bertan izandako eta ez izandako batzuk elkartu, denak ere euskararen eta haren ahoskeraren inguruan kezkatuak, eta honako proposamen hau egitea erabaki zuten: Euskararen Ahoskera Laborategia abiatzea, Gasteizen.
  • Bien bitartean, Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeak Gasteizko Oihanederren izandako ikastaroaren tankerako beste saio batzuk antolatu ditu Donostian eta Bilbon.
.
Ahoskera laborategia:

Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatu nahi da laborategi honetan: azentua, intonazioa, euskal doinua, e.a. Horretarako mahainguru bat eta hiru saio trinko antolatuko dira: mahainguruan euskara lanabes duten hiru profesionalen hausnarketak entzungo ditugu eta larunbat goizetan izango diren hiru saio trinkoetan, lehenik gaiari lotutako adituen ekarpena jasoko da, eta ondoren esperimentatzeari ekingo zaio laborategian.

Ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio: saio bakoitzaren bigarren zatian, metodo enpirikoa geure egin, eta esperimentatu egingo dugu, ahozkoa lan-tresnatzat hartuta. Probetarik ez dugu erabiliko; baina, laborategi-lanak eskatzen duen bezala, probetan ardaztuko ditugu saiook, probatzea baita edozein langairi etekina ateratzeko modurik egokiena: hizkuntzarekin jolastea, saiakuntzak egitea, esperimentatzea. Amaieran, nola ez, ikasitakotik ondorioak ateratzen saiatuko gara, denon arteko hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuz.

.

>>> Ikusi dinamizatzaileei egindako elkarrizketa: “Kode propioak beharko lituzke ahozko jardunak”

.

Jarduera hau UEUk eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatu dute.

.

Laguntzaileak:  

.

Helburuak

  • Euskara estandarraren ahoskera egokia, jatorra eta zuzena jorratzea.
  • Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzea: azentua, intonazioa, euskal doinua…
  • Hitza eta ahotsa lanabes duten profesional euskaldunei oinarri teoriko eta praktiko sendoak eskaintzea.
  • Interesa agertzen duen orori bere ahoskera hobetzen laguntzea.
  • Euskara estandarraren ahoskeraren oinarrien inguruko hausnarketak praktikan jartzea.
  • Euskararen erabilera sustatzea.

Edukiak

AURKEZPEN MAHAI INGURUA

Otsailak 24, asteazkena, 19:00etan.

  • Mahai ingurua: Hitza lanabes sarritan aldrebes.
  • Parte-hartzaileak: Ilaski serrano, Franck Dolosor eta Edurne Azkarate.
>>> ikusi saio honen bideoa
.

Nori zuzendua

Hitza lanabes duten profesionalei:

  • Hedabide ezberdinetako esatariak: telebista eta irratia, batez ere
  • Hezkuntza arloko irakasleak: ikastetxeak, euskaltegiak, unibertsitatea...
  • Kultur sortzaileak: aktoreak, bikoiztaileak, ipuinkontalariak, bertsolariak, magoak….

Bere ahoskera hobetu nahi duen edonori.

Egitaraua

2021-03-13
Ordua Edukiak Irakaslea
10:00-14:00

1. saioa.

10:00-11:30 - Aurkezpena: Ahoskera(k) eta araua(k).

  • Oroitz Jauregi (hizkuntzalaria, UPV/EHUko irakaslea)
  • Lourdes Oñederra (hizkuntzalaria, idazlea, UPV/EHU irakasle katedraduna, Euskaltzain osoa).

>> Ikusi saio honen bideoa

12:00 - 14:00 - Laborategia.
  • Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandez, bideratzaileak.
2021-03-27
Ordua Edukiak Irakaslea
10:00-14:00

2. saioa.

10:00-11:30 - Aurkezpena: Nola jardun euskaraz erosoago eta lasaiago?

  • Kike Amonarriz (Soziolinguista, umoregilea eta telebista aurkezlea, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria)

>> Ikusi saio honen bideoa

12:00 - 14:00 - Laborategia.
  • Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandez, bideratzaileak.
2021-04-17
Ordua Edukiak Irakaslea
10:00-14:00

3. saioa.

10:00-12:00 - Aurkezpena: 2Dtik 3Dra urratsez urrats.

  • Julia Marin (Itzultzailea eta komunikazio tekniketan irakaslea)
>> Ikusi saio honen bideoa
12:30 - 13:30 - Laborategia.
  • Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandez, bideratzaileak.
13:30-14:00 - Ondorioak eta balorazioa.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: +34 943 821426, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.
Deskontu berezia:
  • Gasteizko Lazarraga Elkarteko kideek UEUko bazkideen deskontu berdina izango dute.
  • IKA Euskaltegiko irakasleek UEUko bazkideen deskontu berdina izango dute.
  • AEKko irakasleek UEUko bazkideen deskontu berdina izango dute.

Oharrak

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko eskaera bideratuta, erantzunaren zain.

COVID-19 izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio-, segurtasun- eta higiene-neurri berdinak jarraituko dira gure egoitza eta jardueretan. Hona argibideak: UEUren prebentzio-neurriak.