Ikastaroak :: Hezkuntza, Psikologia

Gure eskola hezkidetzen

  • Hasiera-data: 2021(e)ko martxoaren 3a
  • Amaiera-data: 2021(e)ko apirilaren 28a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: astelehena-ostirala. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2021(e)ko urtarrilaren 25a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2021(e)ko martxoaren 2a

Ikastaro hau erabat online da, ez dauka aurrez aurreko saiorik.

Oraindik ere gure jendartea heteropatriarkatu gisa antolatuta egonik, nahi gabe ere, bitartasunean oinarritutako generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista transmititzen jarraitzen dute senide, irakasle eta bestelako hezkuntza-eragileek. Hezkuntza sisteman, kasu, irakasleek, eskolako langileek, ikasmaterialek, eskolaren antolaketak, espazioen erabilerak, hizkuntzaren zein irudien erabilerak eta bestek askotan, oso barneratuta dauden generoari buruzko uste, balio eta ohitura sexistak transmititzen dituzte. Hala, egoera hori irauli eta testuinguru hezitzaileetan sexismoa transmititzeari utzi eta hezkidetza sustatzeko beharrezkoak diren eduki eta gaitasunak landuko dira ikastaro honetan.

Parte-hartzailea izango da ikastaroa, praktikan eta gaitasunetan oinarritutakoa, Heziberri 2020ekin, EAE-ko kuntza-hezkuntza-sistemarako berdintasunaren eta tratu onaren bidean 2019-2023 planarekin, Bakerako Hezkuntzatik zein Pedagogia Feministatik planteatzen denarekin bat eginik. Hala, besteak beste, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza izeneko irakaskuntza-metodologia aktiboa izango da ikastaroaren ardatz nagusia. Norberak bere testuinguruan hezkidetza lantzea helburu izango duen proiektu bat egitea izango da ikastaroaren ebaluazio-jarduera nagusia, eta praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango du norberaren hezkuntza ekosistema propioan, hau da, komunitatean.

unibertsitatea.net atarian duzu irakasleei egindako elkarrizketa.

Irakasleak

  • Ana Novoa Fariñas

    Psikologiako Gradua. EHUko irakaslea. Generoa eta berdintasuna eremu publiko eta pribatuan Unibertsitate Masterra, genero-indarkeriaren prebentzioaren espezializazioarekin.

  • Luixa Reizabal Arruabarrena

    Psikologian doktorea, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea. UEUko kidea.

  • Ainize Sarrionandia Peña

    Psikologian doktorea. UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea.

Helburuak

  • Eguneroko bizitzan eta eskolan zein eremu hezitzaileko esparru ezberdinetan sexismoa nola transmititzen den atzemateko gaitasuna eskuratzea.
  • Eskolan zein eremu hezitzaileko esparru ezberdinetan, bakarka zein taldean hezkidetza sustatzeko ezagutza, gaitasun eta baliabide praktikoak eskuratzea.
  • Hezkidetzaileak izan daitezen, curriculum formalaren (edukietan, irakasgaietan, irakaskuntza-metodologian, ebaluazioan eta hezkuntza-materialetan) eta ezkutuko curriculumaren alderdietan (balio eta gaitasunetan; diziplinan; haurrekiko itxaropenetan eta tratuan; apaingarri eta koloretan; lanbide-orientazioan; irakasleen jokabidean eta jarreran; espazioen antolaketan eta erabileran eta mintzairaren erabileran) aldaketak egiteko gaitasuna eskuratzea.
  • Hezkuntza-testuinguruetan hezkidetzan oinarritutako materialak eta baliabideak ezagutzea eta berriak sortzeko gaitasuna eskuratzea.

Edukiak

1. SARRERA: MARTXAN JARTZEN GARA!!!

  • Zergatik hezkidetza? Konpromiso aktiboaren beharra.
  • Zergatik online?

2. HEZKIDETZA: BETAURREKOAK AUKERATZEN

  • Sexu-genero sistema.
  • Indarkeria matxistak.
  • Feminismoaren ekarpena.
  • Hezkidetzaren lekua eremu hezitzaileetan.
  • Emakumeen ekarpenak bistaratzeko gakoak.

3. GENERO-SOZIALIZAZIOA ESKOLAN

  • Curriculum formal androzentrikoa: edukiak, irakaskuntza-metodologia, hezkuntza-materialak eta ebaluazioa.
  • Sexismoa ezkutuko curriculumean: balioak eta gaitasunak; diziplina; haurrekiko itxaropenak; irakasleen jokabidea eta jarrera; ikasgelako apaingarriak eta koloreak; espazioen antolaketa eta erabilera; lanbide-orientazioa; eskolaz kanpoko jarduerak; ikasgelako giroa eta mintzairaren erabilera.

4. CURRICULUM FORMAL HEZKIDETZAILEA

  • Edukiak.
  • Irakasgaien lehentasuna.
  • Irakasgaien edukiak jorratzeko modua.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala.
  • Didaktika eta irakaskuntza-metodologia.
  • Hezkuntza-materialak.
  • Ebaluazioa.

5. HEZKIDETZA EZKUTUKO CURRICULUMEAN

  • Balioak eta gaitasunak.
  • Diziplina.
  • Itxaropenak eta tratua.
  • Apaingarriak eta koloreak.
  • Lanbide-orientazioa.
  • Irakasleen jokabidea eta jarrera.
  • Espazioen antolaketa eta erabilera.
  • Mintzairaren erabilera.

6. HEZKUNTZA-TESTUINGURUETAN HEZKIDETZA SUSTATZEKO BALIABIDEAK

  • Hezkuntza-jarraibideak.
  • Teknikak eta jarduerak.
  • Hezkuntza-testuinguruetan erabilgarri diren esku-hartze programak.
  • Esku-hartze programak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko faseak eta alderdiak.

7. PROIEKTU BATERATUA

  • Proiektuaren aurkezpena.
  • Proiektua ikastetxean txertatzeko urratsak.
  • Proiektua taldean partekatzea.
  • Ebaluazioa.

Metodologia

Ikastaroa online irakaskuntzan oinarrituko da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUren ikasgela birtuala erabiliko da. Ikastaroa parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da, hots, ikastaroaren metodologia aktiboa, berritzailea, IKTez lagundua, parte-hartzailea eta konpetentzietan oinarritutakoa izango da (Heziberri 2020rekin eta Bakerako Hezkuntzatik planteatzen denarekin bat eginik). Izan ere, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza izeneko irakaskuntza-metodologia aktiboa izango da ikastaroaren ardatz nagusia. Hain zuzen ere, ikasleen eguneroko lanean aurki dezaketen arazoa planteatuko zaie, ikastaroan, jarduera ezberdinen bitartez bidera dezaten.

Edukiak eta gaitasunak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, landutakoaren inguruko jarduera praktikoak proposatuko dira, ikasleen parte-hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz. Ikasketa-prozesu osoan zehar, talde-dinamikak eta norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da (ikasgela foroaren bitartez). Izan ere, ikaslea da ikasgela birtualaren benetako protagonista eta, ondorioz, ikaslea izango da, interakzioa eta komunikazioa ardatz izanda, norbere ezagutzak eraikitzearen arduradun. Horretarako, ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izango da. Halaber, momentu oro irakasleen jarraipena, laguntza eta tutoretza izango dituzte ikasleek, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko. Amaieran, ikastaroko konpetentzietan oinarritutako proiektua egingo dute ikasleek, ikastaroa osatzen duten gaietan landutakoa praktikara ekartzeko. Proiektuak elkarbanatu egingo dira, hau da, erabilgarri izango dituzte beste ikaskideek.

Horretaz guztiaz gainera, ikasleek beren burua ebaluatzeko aukera izango dute ere, ikastaroaren hasieran eta amaieran beteko duten autoebaluazioaren bitartez. Halaber, ikastaroa bera ebaluatzeko aukera izango dute ikasleek, irakasleak etorkizunean hobetu beharreko alderdiez jabetu daitezen.

Nori zuzendua

Hezkuntza formalean zein ez-formalean dabilen edonori; sexismoarekin amaitu nahi duen edonori; hezkidetza sustatu nahi duen edonori.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Talde mugatua: gehienez, 20 pertsona.
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

  • Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2021eko otsailaren 8an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 2168348003.
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu du. Homologazio-zenbakia: 1/2021, urtarrilaren 29koa.